XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Gaur egun, Euskal Herriko Dantza Agerketa Basauriko lau dantza taldeek antolatzen dute: Agintzari, Basauritar, Edurre eta Indartsu taldeek, hain zuzen ere. Urte hauetan zehar talde bakoitzak neurri handiagoan edo apalagoan parte hartu arren, gaur egun batzorde bat arduratzen da antolamendu guztiaz: proposamenak egin, iradokizunak jaso eta aztertu, erabakiak hartu, koordinatu, ...

Batzorde antolatzaile horretan Udalaren eta lau dantza taldeen ordezkariak biltzen dira, gehienetan taldeen edota Udalaren beraren geletan, hurrengo urterako nolako Agerketa izango den aztertzeko eta lanak banatzeko. Hasierako batzarrak ekitaldiaren nondik-norakoak finkatzeko eta informazioa biltzeko izaten dira eta, apurka-apurka, eman beharreko urratsak zehazten dira, hala nola, gutunak idatzi, behin-behineko egitaraua zehaztu, ...

Agerketa eguna hurbildu ahala, batzarren edukia aldatuz joaten da eta, era berean, sarriago elkartzen gara: hasieran hilean behin, laster hamabostaldian behin, geroago astero eta azkenean ia egunero.

Esan beharrik ez, batzordeko partaidek euren taldekoengana eramaten dituzte bertan egiten diren proposamenak, denen artean eztabaidatu eta berretsi ahal izan daitezen; aldi berean, zeregin batzuetarako laguntzaileak bilatzen dira dantza taldeetakoen artean.